10 febrero: Askatasunaren prentsa oharra

Espainiar estatuak egunez egun zehaztua duen plangintza errepresiboaren urrats bat gehiago da Barrena eta Urrutiaren espetxeratzea.
Ordezkari politikoen atxiloketa, inkomunikazioa, espetxeratze eta sakabanatzeak ageri agerian uzten dute beste behin espainiar demokraziak duen kalitatea. Edozein estatutan eskandalu politiko izugarria litzatekeen gertaera hau, eguneroko ogia bihurtu zaigu Euskal Herrian. Tortura, ordezkari politikoen espetxeratzea, alderdi politikoen ilegalizazioa, 700 preso politiko, biltzeko eta manifestatzeko eskubideen urraketa. Hauek dira espainiar demokraziaren ezaugarriak.
EAJ eta NABAI alderdiek ere erantzunkizun argia dute bizitzen ari garen aro errepresiboan. Beraien botere interesak lehenetsiz, independentziaren aldeko borrokarekin amaitzeko estatu zapaltzaileen ezinbesteko aliatu direlako gaur egun.
Errepresioaren bidez mugimendu politiko oso bat ezabatzeko apostuak kapitulu berriak ekarriko dizkigu epe laburrean. Baina azken urteek erakutsi digute errepresioa antzua dela gatazka politikoa bizi duen herri honen aurka.
Errepresioari herriz herri erantzuteko deia luzatzen dugu Askatasunatik, datozen egun eta asteetan burutuko diren ekimenetan parte hartuz.

0 Comentarios:
Publicar un comentario
<< Home