Mis exclusivas

miércoles, marzo 14

4 marzo: Errausketarik ez!!


Milaka lagun elkartu ziren atzo Donostiako kaleetan herrialdean ezarri nahi diren errausketa planten eta metodoaren beraren aurkako oihua entzunarazteko. Joan den urtarrilaren 30ean Donostiako Udaletxeak Zubieta errausketa planta ezartzeko kokagune gisa aukeratu ostean, 7.000 lagunek Udalaren erabakiaren aurkako jarrera gorpuztu zuten atzo herrialdeko hiriburuan. Kokaguneaz harago, errausketaren aurkako protesta jendetsua izan zen Donostiakoa.


Ez zen ohiko manifestazioen tankerakoa izan. Bi idi pare galant arduratu ziren errausketaren aurkako protesta abiarazteaz, eta segidan asto bat, hogei zaldi beren gidari eta guzti, eta hiru traktore zihoazen. Eta atzetik, Gipuzkoako eta Donostiako agintari politikoei beren haserrea eta onespen eza azaldu zieten milaka herritarrak. Errausketaren aurkako Gipuzkoako koordinadorako ordezkariek zeramaten pankarta zen nagusia, baina dozenaka gehiago ikus zitezkeen ibilbidean zehar.


Luze joan zen manifestazioak, azkenean, Bulebarrean izan zuen amaiera. Bertan elkartu ziren milaka lagunak, eta, kioskora igota, koordinadorako kide batek hartu zuen hitza.
Koordinakorako kideak gogor salatu zuen Donostiako Udalak «izkutuan» eta «atzera bueltarik gabeko» neurri gisa saldu nahi izatea errausketa planta ezartzeko kokagune gisa Zubieta izendatu zuen erabakia. Aldundiko agintarien jarrera ere gaitzetsi zuen, inposaketa besterik ez dutelako egin nahi errausketaren aferan; herri galdeketa defendatu zuen segidan, manifestazioan entzun zen bezala.


Herritar gisa hurbildu ziren aktoreak eta musikariak ikusi ahal izan baziren ere, arduradun politikoak edo sindikalak izan ziren ugarienak. Izan ere, babes zabala jaso zuen protestaldia izan zen atzokoa. Hala, LAB, ELA, CCOO, ESK eta STEE-EILAS, sindikatuak han izan ziren; eta EB-Berdeak, Batasuna, Zutik eta Aralar alderdiak eta Eguzki, Ekologistak Martxan eta Greenpeace talde ekologistak ere bertan izan ziren