Mis exclusivas

jueves, febrero 28

25 febrero: Askapena: Elkartasun astea


Otsailaren 18tik 24ra munduko hainbat bazterretan Euskal Herriaren eskubideen aldeko astea egingo dute. 'Euskal Herriaren Lagunak' ekimenean biltzen diren hainbat taldeez gain, euskal diasporako kideak eta beste herri batzuetako eragile sozial eta politikoek ere hartuko dute parte ekimen hauetan.
Aurtengo deialdiaren karakterizazioa une politikoak markatuta dator, “Errepresioa ez da bidea, demokrazioa Euskal Herriarentzat” izango da lelo nagusia, eta tokian tokian modu ezberdinetara kaleratuko bada ere, denetan Euskal Herria nazio gisa aurkeztu eta dagozkion eskubide demokratikoak aldarrikatuko dira.
Espaniar gobernuaren jarrera ere salatuko da, ekimen asko eta asko espaniar enbaxada eta kontsulatuen aurrean izango dira, eta euskal gatazka konpontzeko errepresioa eten dezala aldarrikatuko da.
Gisa berean Euskal Herrian azken aspaldian bizi den salbuespen egoera salatuko da, hala nola, ANV-EAE eta EHAK alderdi politikoen suspentsioa eta ilegalizazio prozesua, Batasunako kideen atxiloketak, 18/98 epaiketa eta atxiloketak, datozen epaiketak, kontrolak, Euskal Herriaren aldeko lan politikoa eta sozialaren kriminalizazioa...

Otsailaren 18tik 24ra espaniar enbaxada eta kontsulatuen aurrean elkartaratzeak eta mobilizazioak egingo dira baita hitzaldiak, bideo-emenaldiak, afariak, erakusketak, eta batzarrak ere, munduko bazter askotan gainera: Gaztelan, Països Catalans-etan, Parisen, Portugalen, Holandan, Eiren, Italian, Uruguayn, Txilen, Argentinan, Wallmapun, Kolonbian, Venezuelan eta Mexikon.

Askapenatik bi mezu helarazi nahi diegu euskal herritarrei:

1.- Nazioartean Euskal Herriaren Lagunek ozen baino ozenago salatzen dute Euskal Herrian bizi dugun une politiko larria eta argi ikusi dute ezker abertzaleak mahai gainean daukala proposamen politiko bat gatazka konponpontzeko balio duena eta aukera politiko guztiei garapen-marko bat eskaintzen diena eta mahaitik altxatu zirenek, berriz, espaniar gobernuak eta PNV-k, ezker abertzalea kolpatu, ahotsik gabe utzi eta deuseztu nahi dutela, Euskal Herriari ostera ere iruzurra egiteko.
Espaniar estatuaren mozorro demokratikoa agerian geratzen ari da han-hemen, eta PNV-k ere gero eta ibilbide mugatuagoa du bere diskurtso autonomistarekin. Euskal Herriaren Lagunek, diasporak eta herri askotako eragile sozial eta politikoek Euskal Herria herri bat dela eta berarentzako konponbide demokratikoa aldarrikatzen dute eta egoeraren larriaz jakitun dira.

2.- Euskal Herriaren Lagunek egiten duten lana izugarria da: inperioaren hedabideen intoxikazio eta manipulazioei aurre egin, bai eta jazarpen polizialari, eta era guztietako presioei ere. Euskal Herriaren Laguna izatea ez da debaldekoa, baina, hala ere, herri honen sektore batek egiten duen lana eta borrokak etxean segiko duen bezala, segiko du kanpoan hainbat eta hainbat lagunen elkartasun lanak.
Gure aldetik, horrelako lagunekin zorra kitatzeko modurik onena gure herri proeiktuarekin aurrera segitzea da eta eguneroko lan eta borroketan munduko beste herri borrokalarien alde lan egitea